Osasun Mentalaren Munduko Egunean, beste behin ere giza eskubideak aldarrikatu nahi ditugu sufrimendu emozionala edo psikosoziala duten pertsona guztientzat.
Egun honetan, gainera, deitu nahi dugu komunitate-kontzientzia (ber)eraikitzera, baita osasunari dagokionez ere, uste baitugu ez dagoela osasun indibidualik osasun kolektiborik gabe. Pertsona eta erakunde desberdinak gara, eta aniztasun sakon horretan oinarriturik, jabetzen gara bat eginda indartsuagoak garela, eta indar hori inoiz baino beharrezkoagoa dela estigmari amaiera emateko eta pertsonen garapen osorako.
Sufrimendu psikosoziala dugun pertsonok geure burua gaizki ikusteko joera dugu, baita harreman sozialak mugatzeko joera ere. Hori beste arrazoi bat da komunitate-sena berreskuratzeko.
Horretarako, harreman hurbilagoak, gizatiarragoak eta horizontalagoak eratzen saia gaitezke gure bizitzako hainbat esparrutan; besteak beste, asoziazionismoa sektore guztietan sustatuz, osasun mentalaren eremu espezifikoetatik harago, eta pertsonen sozializazioa bultzatuz hainbat jardueraren bidez: lan arlokoak, aisialdikoak, etab.
Gainera, gaurko eguna inflexio-puntu baten hasiera izatea gustatuko litzaiguke, behar ditugun aldaketen garrantzia aitortuko duena. Horretarako funtsezkoa da pertsona guztiok gure eskubideez eta betebeharrez informatu ahal izatea, irizpideak izan ditzagun gure egoera ulertzeko eta gure ahalduntze prozesuan aurrera egin ahal izateko. Horrenbestez, oso garrantzitsua da egiazko informazioa, eskuragarria eta loteslea jaso ahal izatea, interesa eta jakin-mina piztuko duen informazioa, nahasmendua eta desinformazioa saihestuz.
Horregatik guztiagatik, Osasun Mentalaren Egun honetan hau eskatzen dugu: